Previous Next

Eskola Txikien Festa aurkeztu dute, Oikian

Ekainaren 10ean, Gipuzkoako Eskola Txikien Festa egingo dute Oikian. Eskola Txikien garrantzia aldarrikatu, eta herri zein auzoetako bizitzan duten eragina azpimarratzea da festa egunaren helburuetako bat; baita Eskola Txiki ezberdinetako kideak bildu, eta elkarrekin jai egunaz gozatzea ere, noski.

Gaur egin dute Eskola Txikien Festaren aurkezpena. Eskola Txikietako guraso elkarteen koordinakundeko lehendakari den Ainara Etxenausiak zabaldu du aurkezpen ekitaldia, Gipuzkoako Eskola Txikien lelo nagusia gogoratuz: “Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik”.

 

Itziar Garciarena, Oikiako eskolako zuzendariak hartu du hitza jarraian: “Eskola txikiak herri eta auzo txikien altxorrak dira; bertan, umeek aniztasunean hezteko aukera dute, euskaraz, giro goxoan eta naturarekin harremanetan. Eskola Txikiak eskola modernoak eta kalitatezkoak dira. Eskola Txikietan egunero erakusten dugu gutxirekin asko egiteko indarra, eta hori ospatu nahi dugu jai honekin”. Horrez gain, Itziarrek azpimarratu duenez, “egun handi honen antolaketak esfortzu handia suposatzen du eta bertan herri osoa dabil murgilduta: ikasleak, irakasleak, gurasoek eta herriko jendea”.

Eraikin berria

Ikasturte honetan 38 ikasle dabil Oikiako eskolan; 17 haur hezkuntza eta 21 Lehen Hezkuntzan. Itziarrek albiste pozgarria ere aurreratu du: “Eraikina oso zaharra da eta leku falta ikaragarria dugu. Hau dela eta, orain dela urte batzuk eskola berria egiteko proiekktuarekin hasi ginen, eta gaur egun, azken urratsak ematen ari gara; ilusio handiarekin esan dezakegu urte honen bukaeran eskola berria egiten hasiko direla”.

Eskola txikien festako protagonista nagusiak haurrak direnez, Oikiako bi haurrek ere hartu dute hitza. Dambo Diaby eta Urko Larrañagak, festara gerturatzeko gonbita luzatu diete guztiei: “Lan asko egiten ari gara jaia prestatzeko: eskola margotu dugu, gune bakoitzerako kartelak egin ditugu, dantza eta koreografiak prestatzen ari gara… Horregatik, beste eskola txiki uztietako haurrak ere gonbidatu nahi ditugu. Esan nahi diegu, gurekin batera, etortzeko ondo pasatzera!”.

Gurasoak

Unai Gijarrok hartu du hitza jarraian. Oikiako Kolarren Guraso elkarteko kide da eta hark esan duenez, “harro gaude Oikian horrelako eskola izateaz. Guraso bezala, sekulako aukera da gure umeek etxetik gertu eskola izatea; herri gisa geure arteko harremanak lantzeko tresna da, eta argi daukagu lotarako soilik izan den herria bihurtu ez dadin, eskola bizirik izatea zeharko beharrezkoa dela”.

Lotura

Eskola Txikien arteko lotura ere azpimarratu nahi izan du Unaiek: “Festa honen helburuetako bat ere bada Eskola Txikien arteko lotura hori. Horrez gain, esan nahi dugu Oikia txikia izanik, esfortzu handia eskatu digula festa antolatzeak. Jende aldetik gutxi gara, eta baliabide aldetik ere nahiko murritza. Horrek ez du esan nahi festa ederra antolatzeko gogorik falta zaigunik. Ahalegin guztia jarri dugu horretan. Jendea asko inplikatu da festa honekin eta denon artean, mioz eta gogoz, festa ederra antolatuko dugu”

Festa, ekainaren 10ean

Festaren inguruko xehetasuna ere eman ditu Unai Gijarrok: “Bost gune izango ditu. Harrera gunean hasiko da festa, eskola berria eraikiko den tokian. Festa koloretsuak emango dio hasiera, ekainaren 10ean, 10:30etan. Ondoren, ez da altako tailer, jolas, pailazo, bazkari, apar-festa, eta gainerakorik ere”.

Festara gerturatzeko gomendioa

Oikiara gerturatzeko gomendio berezia ere zabaldu nahi izan dute aurkezpen ekitaldian. Izan ere, Gure Esku Dagok giza-katea antolatu du egun horretarako. “Kostan barrena pasatzen da giza katea. Autopistaz gerturatzeko asmoa dutenek, 48. irteera ateratzea izango dute onena, Zestoa-Zumaia irteeran. Hortik, Iraetan barrena, Aizarnazabalera jo eta Oikiako industriagunean prestatutako aparkalekuetan izango da autoak uzteko aukera”.

Eskertza eta gonbita

Eskerrak emateko ere aprobetxatu dute prentsa aurreko aurkezpen ekitaldia: “Eskerrak bolondres gisa lagundu diguten guztiei, eta baita egunean bertan lanean aritzeko izena eman dutenei ere. Baita diruz edo materialez lagundu digutenei ere: Zumaiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eroski fundazioa, AN taldea, 0 Km baserria, Siemens, Kaiku, Baque, Desin-lan, Konde Landareak, Mila Antia eta Muniosoro Erretegia”.

Festa egunera gerturatzeko gonbidapena luzatu ere du Unaiek: “Honetan sinesten duten guztie gonbidapena luzatzen diegu, eta baita honetan sinesten ez dutenei ere, behar bada izan daitekeelako honetan sinesten hasteko bidea”.

Ezaugarriak

Eskola Txikietako irakasleen koordinatzailea den Mikel Goñik ere hartu du hitza. Eskola Txikien ezaugarri nagusiak azpimarratu ditu: “Eskola txikiak Euskal eskola publikoren aniztasunaren parte bat gara. Momentu honetan 26 eskola txikiak daude Gipuzkoan, 5 Araban eta 19 Bizkaian. Urte hauetan barrena egin dugun esfortzu eta lanari esker, hezkuntza eta eskola modelo propioa garatu dugu eta gustatuko litzaidake gure proiektuak batzen dituen ezaugarriak zeintzuk diren azpimarratzea: Batetik, Eskola Txikiak eskola publikoa direla. Bestetik, adin aniztasuna butzatzen dugu eta horni geroz eta indar handiakgoa eman nahi diogu. Eskola Txikiak, izenak dioen bezala, txikia gara, eta txikitasun horrek ematen dizkigun hainbat ezaugarri kualitatibo mantendu egin behar ditugu. Landa eremuan kokatuta daude eskola txiki guztiak eta landa eremu hori mantentzeko estrategikoak gara”.

Eskola txikiak bizirik

Eskola Txikien festa ideia horiek azpimarratzeko bide ere badela azpimarratu du Mikel Goñik. “Ezaugarri berezi horiek aukera ugari ematen dizkigute lan on bat egiteko. Aurten, berriro ere, hori ospatzeko elkartuko gara Oikian, Gipuzkoako Eskola Txikien Festa ospatzeko, bizirik gaudelako eta horrelaxe jarraitu nahi dugulako”.

Oikiako haurrek “Eskola Txikiak bizirik” oihukatuta amaitu dute festarako gonbita egiteko ekitaldia.