Cristina Uriarte Sailburuak Arroako eskola bisitatu du

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Olatz Garamendi Administrazioa eta Zerbitzuen sailburuordearekin eta Gipuzkoako Hezkuntza ordezkari Gema Gonzalez de Txabarrirekin batera, Arroako eskola bisitatu du gaur goizez. Eskolako zuzendaria izan da bisitaren gidatia, Arantxa Osa, Udal ordezkaria eta eskolako guraso eta irakasleak alboan izan dituelarik.

 

Arroako eskola berriaren obrak udan zehar amaitu dira, eta ikasturte berria eraikin berrian hasi dute ikasleek. Aldaketa metodologiko esanguratsuak egiteko aprobetxatu du egoera berria Arroako Eskola komunitateak irakasleen gidaritzapean. 

Hezkuntza Sailburuak eskola berriko instalazioak eta zenbait ikasgela bisitatu aurreikusitako bileraren aurretik. Ikasturte hasierari loturiko hainbat gai aztertu dituzte, eta baita eskola txikiek orokorrean eta Arroako eskolak helarazitako hainbat iradokizun landu ere.

Hedabideen aurrean, eskola txikiek egiten duten lanaren balioa azpimarratu du Sailburuak  “Euskadin Eskola Txikiek egiten duten lanaren garrantzia nabarmendu nahi dut. Familiek hezkuntza-eskaintza erakargarria aurkitzen dute hauetan, hurbileko hezkuntza-komunitate txiki baten baitan. Hurbiltasun horrek familientzat erakargarri egiten ditu eskola hauek, eta baita kokaturik dauden herri edo auzoentzat ere. Ziurrenik, herri hauek bizitza galduko lukete eskolarik ez balute. Garrantzitsua da Administraziotik eskola hauei babesa ematen jarraitzea, eta familiek ere hauen aldeko apustua egiten jarraitzea”.

Eskolako kideak gustura geratu dira bilerarekin eta eskolaren bisitarekin.