Previous Next

Ikasturte hasiera Eskola Txikietan

Ez ohiko ikasturte hasiera izaten ari da Eskola Txikietan ere, Euskal Herriko eta, orohar, munduko beste txokorik gehienetan bezala. COVID-19ak sorturiko pandemiak ekarritako ohitura eta ardura berrien zerrenda eskoletara ailegatu da eta ohikoak bihurtu dira musukoak, distantzia soziala eta higienea.

Badira, ordea, ohikoak diren ezaugarri oinarrizkoak eta aprobetxatu beharrekoak ere Eskola Txikietan. Landa eremuan kokatuta egotea abantaila bat izango da ikasturte berezi honi eusteko. Gauza jakina da dagoeneko kanpo espazioetan, itxietan baino kutsatze gutxiago ematen direla. Eremu pribilegiatuetan daude Eskola Txikiak horretarako, aire librean ibiliz ikasten jarraitzeko, hain zuzen ere. 

Eskola Txikietan dauden ikasleen kopurua ere abantaila bat da kasu honetan. Distantzia soziala mantentzea errazagoa eta naturalagoa izan daiteke, betiere, espazioek horretarako aukera emanez gero. 

Azkenik, Eskola Txikien ezaugarri propio den adin aniztasuna bultzatzea, behar bada, talde egonkorrek oztopatua izan daiteke ikasturte honetan, baina, aniztasunari lekua eginez jarraitu beharko da, adinen arteko loturak ere mantendu daitezen.