
Eskola publikoa
Hezkuntza Sailaren admministraziopekoak diren heinean, Eskola Txikiak eskola publikoak dira. Hori ez da, ordea, Eskola Txikien publikotasuna finkatzen duen marka bakarra; besteak beste, zerbitzu publikoa, aukera berdintasuna, inklusibotasuna, hurbiltasuna, aniztasuna, kohesio soziala edota laizismoa ere esan nahi duelako publikoa izateak.

Euskaldunak
Euskaraz bizi eta euskaraz hazi nahi duten eskolak dira. Bertako hizkuntzan bizitzeko hautua egin dugu Eskola Txikietan. Euskaraz ikasteko eta erabileran aurrera egiteko bidean, paper garrantzitsua jokatzen dute Eskola Txikiek.

Adin aniztasuna aberastasun iturri
Eskola Txikietan, aniztasuna erabat aberasgarria dela pentsatzen dugu. Horregatik, ikasleen aniztasunak indartzen saiatzen gara, norbanakoak izan ditzakeen gaitasunak besteenen parean jarriz.
Beharrezkoa da ume guztiak ezberdinak direla kontuan hartzea eta, aldi berean, baita biziko dituzten ikaste prozesu guztiak ere ezberdinak izango direla ulertzea ere. Horregatik, umeen aniztasun horri egoera ezberdinak eskaintzen dizkiogu, egoera didaktiko ugari eta ezberdinak, umeak gaitasun ezberdinak garatzen joan daitezen. Ume guztiek ikasiko dutela, eta euren garapenean aurrera egingo dutela bermatuz, betiere.
Adin aniztasuna da Eskola Txikiok elkartzen gaituen talde proiektuaren oinarri nagusia. Adin ezberdinetako ikasleak elkartzeak interakzioa aberastu egiten du; pentsaera, estrategi, bizipen jarrera anitzagoak sorrarazten ditu; ikasleen arteko harremanak errealagoak egiten ditu, kooperazioa indartzeko eta konpetitibitatea ahultzeko bideak zabaltzen ditu, elkarrengangik eta elkarrekin ikasteko ditugun aukerak areagotzen ditu… Azken finean, inklusiorako bideak zabaltzen ditu.

Inguruarekiko interakzioan
Gure eskolek, eraikinetatik kanpora dauden beste sistemekin etengabeko kontaktuan egon behar dute; familiak, herri erakundeak, elkarteak…, hezkuntza ez formalean eragin dezaketen talde ezberdinekin hartu eman eta elkarlanean. Eskolaren ingurune hurbila izango da hezkuntza baliabide esanguratsuena.
Beharrezkoa da, gainera, markatu ditugun helburuak betetzeko herriari begiratzea, non gabiltzan eta non gauden ulertzea, eta geure ikasleak non bizi diren, nongoak diren, bizi diren leku horrek eurengan duen eragina behatzea, aztertzea eta ulertzea. Hori eginez, pentsatzen dugu, haur bakoitzari ematen diogun hezkuntza eskaintza hobea izango dela; hobeto iritsiko gara behar duen hori ematera..

Gertukoak, atseginak, erosoak …
Txikitasunaren ezaugarri propio hauen eredu izan behar dute gure Eskola Txikiek. “Eskola txikiak, oraindik orain, leku atsegin bat direla uste dugu, jendeak elkar ezagutzeko lekua, elkarrekiko ardura eta kezkarako aukera ematen dutenak, eztabaidarako parada eta ikasleak ezagutzeko aukera baliatzen dutenak” (C. Freinet).

Herriarekin/auzoarekin lotuta
Eskola Txikien helburu nagusienetako bat da herria bera bizirik mantentzea. Eskola oso garrantzitsua da herri batentzat. Hori ezin dugu ahaztu eta herriak bizirik mantentzeko lanean, beste herri erakundeekin ere lanean eta koordinazioan jarraitu behar dugu. Beraz, herri eskola kontzeptua birpentsatuz, etorkizuneko bidea urratzen joan beharko dugu iraganaren erroak presente ditugularik.

Guztion eskola
Gure eskolen printzipio nagusi, guztion eskola izatea da. Eta printzipio honi jarraituz gure eskoletan ez da inolako bazterkeriarik onartuko eta gizarte elkarguneak sortzeko helburuz arituko gara.
Hori horrela, beharrezkoa izango da gure eskoletara datozen ikasle guzti guztiek euren garapen afektibo, sozial, intelektual eta fisikoak ahalik eta gehien garatzeko moduko bideak aurkitzea. Gaitasun hauen garapena ikasleen zoriontasunerako bidetzat ikusten dugu. Garrantzitsua da norbanako bakoitzak arrakasta izatea, bizitzako alor guztietan dituen indarguneak areagotuz eta dituen ahulguneak gutxituz edo onartuz.
Horregatik, gure eskolak ikasleen aniztasuna aberastasun gisa bizi du, umeek adierazteko erabil ditzaketen lengoaia guztiak maila berean onartzen, baloratzen eta aprobetxatzen ditu, ikasleen interesak asetzen laguntzen du, ikasleen izaera errespetatzen du, arrazoi anitzen ondorioz sortutako ezberdintasunak konpentsatzen ditu.
Konpentsazioaren bide honetan garrantzitsua izango da ikasle guztiei gizartean parte hartze aktibo bat izateko beharrezkoak izango dituzten oinarri kulturalak ematea. Gure eskolan zuzenean arduratu nahi dugu gure gizartearen errealitatean bizitzeko eta parte hartzeko beharrezkoak diren oinarri kulturalekin. Horregatik, gure ardurapean hartzen ditugu ikasleen garapenean oinarri kultural gisan definitu ditugun ondoko elementuak: …
“Guztion eskola”, gainera, subjektu askoz osatua dago. Eskolan parte hartzen dugun guztion interakzioa aberasgarria dela pentsatuz, komunitate guztiaren elkarrekintza bideratuko duen antolaketa bat egitea hobetsi dugu, eskola ireki eta parte hartzailea eratuz. Herri eskola bat izanik, herriarekin eta herritarrekin batera jardun nahi dugu ikasleen garapen pertsonalean ahalik eta aurrerapen handienak egin asmoz eta haurrek euren bizitza aski asebetetzeko beharrizanak eman nahirik.

Ikasle guztiak irakasle guztionak
Gure printzipioak gauzatzeko eta epe luzera markatu ditugun helburuak lortzeko, estrategia nagusitzat ikusi dugu ikasle guztiak irakasle guztion ardura direla sentitzea eta hori gertatzeko moduko antolamendua bultzatzea. Ez baita berdina bi begik edo seik ikusten dutena, beraz, aniztasunari erantzuteko modurik eraginkorrena talde lan emankor eta koordinatu bat egitea izango dela pentsatzen dugu.

Herri txikitik mundu zabalera begira
Gertukotik abiatzen dira gure eskoletan ikaste prozesuak, gertutik urrutira, herri txikitik mundu zabalera. Inguruarekiko interakzioan bizi garenez, garrantzitsua da, haurren garapen prozesuari norabide hau ematea, gertuko horretan esperimentatzeko aukera emanez, manipulaziorako eta interakziorako bideak zabalduz, pausoz pauso, etorkizunean mundu zabalean mugitzeko eta aurrera egiteko beharrezkoak izango dituzten gaitasunak garatuz.