Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu zen. Gu oporretan geundenez, aste hau Literatura Astea bihurtu dugu. Atzo, Intza Alkain ipuin kontalaria, eskolara gonbidatuta hainbat ipuintxo kontatu zizkien Haur Hezkuntzakoei, horien artean, Kutxa bat.

Gaur berriz, Galtzagorriren Liburuen Altxorra kalera atera eta bikoteka bata besteari ipuinak kontatu dizkiete. Eguraldiak eta guzti lagundu digu, udaberriko primerako eguna izan dugu!

Ostegunerako ere, baditugu hainbat ekintza antolatuta, hala nola, Literatur Maratoia eta Liburu Azoka Txikia. Maratoia, goizean zehar, eskolako ikasleek irratitik ipuin desberdinak irakurri edota kontatuko dituzte, beraz, erne eta adi ibili!!
Azoka berriz, zuek etxetik ekarritako liburuak eskolako atarian salgai jarriko ditugu. Bertan ateratako dirua Segundo Montesera bidaliko dugu.
Animatu zaitezte etortzera, baliteke liburuen artea altxorren bat topatzea.

Eta astea ondo bukatzeko, ostiralean, Lupe Lekuona ipuin kontalaria etorriko da Lehen Hezkuntzako ikasleei hainbat ipuin kontatzera.

Ikusten duzuenez, astea hizkiz eta ekintzaz beteta daukagu!