Koronabirusa gehiago ez zabaltzeko, Txirritako ikasleak egun batzuek etxean egongo ginela jakin genuen iragan martxoaren12an. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak agindu zuenez, 15 egunez gutxienez, ezingo ginen eskolara etorri. Hala ere, horrek ez zituen ikasleen artean lehendik sortuak zeuden kezkak arindu eta zalantza (eta beldur) horiek guztiek egoki kudeatzen saiatzeko helburuarekin, jarduera interesgarri batzuek egin genituen azken aste hartan.

Gai hau komunikabideetan agertzen hasi zenetik, ikasleen ahotan hainbat galdera zebiltzan bueltaka. Hori horrela, asteazken arratsaldean, martxoak 11, Izaskun Miner, eskolako ama eta pediatra denak, birusaz komunitate zientifikoak zekienaz informazioa egokitu eta ikasleei azaldu zien. Une hartako prebentzio neurrien berri ere eman zien Esploratzaileen gelakoei (5. eta 6. mailak), bakoitzak bere esku zegoena egoki egiten hasteko aukera izan zezan.

Biharamunean berriz, osteguna, gure ikastetxeko ikasle nagusienak diren hauek, gainerako taldeei azalpenak emateko ardura hartu zuten. Talde txikitan banatu eta Hegaztiei (3. eta 4. mailakoei), Izarrei (1. eta 2. maila) eta Kolore zein Marrazoei (Haur Hezkuntza) bisitatxoa egin zieten. Ederki azaldu zuten, gelaz gela, zer egin behar dugun gure aldetik birusaren zabalkuntza azkar hau mugatze aldera. Koronabirusaren ipuin eta abestiarekin amaitu zuten prestatu zuten azalpena, lasai eta umorez.

Ziurra zen elkarren hutsa sumatuko genuela egun hauetan guztietan baina dagoeneko ari gara ziber-harremanean trebatzen. Ikasle askok bidalitako lantxoak burutu eta helarazten dizkiguzue, bejondeizuela langileak!

Bestalde, adi egon informazioari, dagoeneko eskulan edo bertso bidez eskola osoa saltsan hasiak gara eta! Laster bidaliko dizkizuegu erronka berriak familiei, elkarren berri izaten jarrai dezagun!

Guztion artean, etenaldi honi onena atera eta bestelako bideak aurkituko dizkiogu.

Norbere burua zainduz, besteak ere zainduko ditugu.

#EtxeanGelditu!

Oharra: argazki batzuek eta informazio interesgarri pixka batera jo nahi baduzue, egin klik irudian.