Aizarnako eskola
Aizarnako Herri Eskola
- Helbidea: Jasokunde 1-1 20749 Aizarna
- Ikasle kopurua: 35
- Jangela: bai
- Garraioa: ez
- Festa: bai
943 14 84 60
ESKOLA TXIKIEN TESTUINGURUA
Eskola Txikiak herri txiki eta auzoetan kokatuta dauden eskolak dira. Harreman zuzena dute naturarekin, eta gaur egun, biztanleriaren bizitzeko erak anitzak izan arren, landa eremuak duen garrantzia sumatzen da toki horietan.
Eskola Publikoak dira eta herriko edo auzoko eskaintza bakarra izaten da, Hezkuntza Sailaren administrazioaren menpean daude. Eskola euskaldunak dira, landa eremu horietako askotan euskara baita oraindik ere eguneroko hizkuntza nagusia. Euskal kulturaren hainbat alderdi oso errotuak daude herri eta auzo txiki horietako askotan.
Kasurik gehienetan, 2 urtetik hasi eta 12 urtera arteko ikasleak hartzen dituzte eskoletan, nahiz eta, bestelako kasuak ere badiren. Gela berean zenbait adinetako ikasleak elkartzen dira eta harremanak oso aberatsak izan ohi dira eta elkarreragina eta kooperazioa era naturalean sustatzen dira.
Eskola Txikia gaur egungo eskola da. Gainera, eskola bakoitza komunitate txiki bat da, non ikasle bakoitzak, bere ikasketen protagonista izanik, besteekin batera eta elkarreraginean ikasten duen.
Eskola Txikietako irakasleek eta gurasoek hartu eman estua dute. Eskola hurbil sentitzen dute herritarrek. Udalaren inplikazioa ere oso garrantzitsua dela deritzogu herri eta auzo txiki hauen eguneroko bizitzarako.
Pertsonen arteko harremanak bultzatzen dituzten agenteen artean eskola erakunde garrantzitsuenetako bat izan ohi da Eskola Txikien kasuan, bai ikasleen artean, baita helduen artean ere. Herri txikietan, eskolak integraziorako eta gizarte inklusiorako bidea errazteko lan biziki garrantzitsua egiten du.
Eskola Txikien arteko harremanak ugariak dira eta taldearen izaera indartzeaz gainera, zenbaitetan, elkarlanerako bidea egiten laguntzen du.
AIZARNAKO ESKOLA TXIKIA
Aizarnako Eskola Txikia landa eremuan kokatuta dago, eta harreman zuzena du naturarekin. Nahiz eta administratiboki Zestoako auzo bat izan, herri nortasuna duen gunea da. Gaur egun, biztanleriaren ekonomia iturria mistoa da.
Eskola publikoa da gurea (herriko eskaintza bakarra), hots, Hezkuntza Sailaren administrazioaren menpean dago. Eskola euskalduna da, euskara baita eguneroko hizkuntza eta komunikatzeko erabiltzen den bakarra. Gaur gaurkoz familia guztiak euskaldunak dira, ez dugu atzerritarrik. Euskal giro eta kulturan errotua dago Aizarna. Euskal kulturaren hainbat alderdi oso barneratuak daudelarik, besteak beste, herri kirolak, esku-pilota, bertsolaritza, kantagintza...
Adin desberdineko ikasleak hartzen ditu, eta gela berean hainbat adinetako ikasleak daude. Hori dela eta, harremanak oso aberatsak dira, eta elkarreragina eta kooperazioa era naturalean sustatzen dira.
Aizarna Herri Eskolako irakasleek eta gurasoek hartu-eman estua dute. Eskola hurbil sentitzen dute gurasoek zein herritarrek. Udalarekiko erlazioa hurbila da eta gehienetan eskolaren beharrei erantzuten die.
Eskola Txikien arteko harremanak sendoak dira: ikasleen arteko irteerak, irakasleriaren arteko elkarrekintzak (proiektuak, formakuntza eta hausnarketa guneak, festa eta jaialdiak…). Honek taldearen izaera indartu eta elkar lanerako bidea egiten laguntzen du.