Angiozar

Angiozarko eskola

 

Angiozar, Bergarako auzo handi eta autonomoena da. Eskola osoa, HH eta LMH ziklo osoak mantentzen ditu. Historian zehar ere hainbat izaera aldaketa izan ditu auzo-herri honek; lotura Bergararekin izan aurretik Elgetarekin ere izana da.

Angiozar landa-gunean kokatuta dago. Ortu, soro eta zelai asko dagoen arren, gutxi dira nekazari soilak diren bizilagunak. Angiozartarrek Bergaran eta inguruetako herrietako industria guneetan egiten dute lan, nagusiki.

Bailara honetako biztanleok herri sena handia dugu.

Euskara da Angiozarko hizkuntza propioa. Arnas-gune izaera ere badu auzoak Bergararekiko. Hizkuntzak bizi dirau. Eta bertako biztanleen, ume eta gazteen, hizkuntza ere bada.
Biztanleriak gora beherak izan ditu; 1000 biztanle inguru izatera iritsi zen Angiozar XVIII. Mendean. Gaur egun 300 biztanle inguru ditu Angiozarrek.

Testuinguru honetan, eskola funtsezko elementua da. Umeei herrian eskolatuak izateko aukera ematen die; bere lehen hezkuntza urratsak hurbil eta bere sentitzen dituen espazio goxo eta hurbilean. Elkarrekin eraikitzen ikasteko bilgunea da; herriko erreferenteak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen du. Herritar eta guraso askoren ahaleginari esker, lortu dute Angiozartarrek, eskola egundaino zabalik egotea. Ahalegina ez da makal izan eta oso urte zailak ere izan dira.

Gaur egun, 2018-19an 35 ikasle ditu eskolak eta hurrengo urteetan ere zenbaki horren bueltan egon daitekeela aurreikusten da. Hiru geletan banatuta daude ikasleak eta dain nahasketa dago gela guztietan.

Irakaskuntzarako metodologia ere berariaz zaintzen dugu Angiozarren. Proiektuetan oinarritutako metodologia gertatzen ari zaigu egokiena adin aniztasunari modu onuragarrian erantzuteko. Eskolaren helburua bizipenetan aberatsa den ume-aroa bermatzea da; heldu eta umeen arteko interakzio hezitzailea eta beraien arteko harreman eraikitzailea.

Eskola Publikoa da gurea eta herri-auzoko eskaintza bakarra da.

Eskola txiki honek pertsonen arteko harremanak bultzatzen ditu eta herri eta auzoko eragile garrantzitsuenetarako bat da. Komunitate oso baten parte da eskola; gurasoen “proiektua” diren umeen heziketa lagunduko duena, gurasoekin batera arituko dena, auzoarekin bat egiten duena eta aldi berean munduari irekia eta begira dagoena. Izan ere, “herri txikitik mundu handira” leloak ondo zehazten du eskolaren egin beharra; herri txikikoak izanik, berea maitatzetik abiatuz bestea ikustera eta maitatzeko gai diren gizakiak hezi nahi ditugu. Txikitasunetik abiatuz handitasuna ulertzeko gai diren gazteak. Mundu globalizatua ulertzeko gai direnak nortasun propioa galdu gabe. Munduari irekia dagoen baina Angiozarko den eskola txikia da gurea.

Eskola txiki guztiek bezala ondoko printzipio eta ezaugarriak ditugu oinarri:

- Guztion eskola.
- Publikoa eta euskalduna
- Ikasleen zoriontasuna eta garapen osoa oinarri.
- Gure eskolako aniztasuna, aberastasuna da
- Eskola publiko gisa konpentsatorioa da
- Eskola Komunitatearekin eta herriarekin batera
- Ikastea eta gozatzea bat egitea; ongizate emozionala
- Ikaskuntza eta irakaskuntza pertsonalizatua
- Elkarbizitza eta Hezkidetza ardatz
- Ikuspegi konstruktibista
- Jasangarritasun eta erantzukizun soziologikoa
- Ikaste-irakaste prozesuen etengabeko hobekuntza eta saiakera
- Laguntza-Plana
- Eredu digitalarekin konprometitua

 

Angiozarko eskola. Datu praktikoak. 

  • Helbidea: Angiozar auzoa z/g 20578 Angiozar
  • Ikasle kopurua: 31
  • Jangela: bai
  • Garraioa: ez
  • Festa: bai - 2001

943 76 16 19

Kokapena

Azken albisteak

2023 Ekaina 02
2023 Martxoa 24
2023 Martxoa 08

Atalak

Irakasleen koordinatzailea

Gurasoen koordinakundea