Zeraingo eskola
Zeraingo Eskola
- Helbidea: Plazaldea 20214 Zerain
- Ikasle kopurua: 15
- Jangela: bai
- Garraioa: bai
- Festa: bai - 2008
Nortasun ezaugarriak
Gure herriko eskola Zeraingo Herri Eskola da.
Zerain Euskal Herriaren bihotzean dago; Gipuzkoaren hegoaldean, Arabako eta Nafarroako mugetatik oso gertu. Aizkorri mendiaren itzalpean, Segura, Mutiloa, Zegama eta Legazpi ditu mugatzat eta hiriburuetatik gertu dago.
Zeraingo Herri Eskola ikastetxe publikoa da eta Gipuzkoako Eskola Txikien elkarteko kide da. Eskola hauek berezko ezaugarriak dituzte: naturarekin harreman estua,landa eremuan kokatuta, herriko haur gehienak eskola horretara joaten dira, hainbat adinetako taldeetan biltzen dira, herriko eskola bakarra eta publikoa da, euskalduna da eta herrian integratua dago.Gure eskolak D ereduko 2- 7 urte bitarteko hezkuntza eskaintza publikoa osatzen dute, hau da, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako Lehenengo zikloa. Horretaz aparte, ondoko zerbitzuen eskaintza ere badaukagu:
- Jangela
- Garraioa
Elkar lanean aritzen dira, bai gurasoak, bai irakasleak, eskola txikiek dituzten arazoei konponbide bateratua emateko. Eskola Txikien arteko harremanak ugariak dira, eta, taldearen izaera indartzeaz gainera, zenbaitetan, elkarlanerako bidea egiten lagundu du. Urtero bi festa antolatzen dira, Gipuzkoa mailan bat eta bestea Goierri mailan, eskola txikiko harremanak sendotzeko. .
Irakasle, ikasle udala eta gurasoen eguneroko esku-hartzearekin osatzen eta egiten dugu eskola. Lau erakunde horietako kideok elkarlanean jardun behar dugu Zeraingo haurrek heziketarik osatuena eta egokiena beregana dezaten. Eta guztion jomuga haurraren heziketa izanik, saiatu behar dugu bide berriak urratzen eskola hobetzeko. Horrez gain, gure eskola, txikia izanik, herri sentimendua, herri giroa eta herriko lagun taldea sortu eta mantentzeko lehen urratsak errazago egiten laguntzen du, herriari bizia emanez. Irakasle eta gurasoek hartu eman estua dute. Eskola hurbil sentitzen dute herritarrek. Udalaren inplikazioa ere oso garrantzitsua dela deritzogu herri eta auzo txiki hauen eguneroko bizitzarako. Gurasoen parte-hartzea Basarte Guraso Elkartearen bidez gauzatzen da.
Gure eskolako ezaugarri garrantzitsuetako bat adin desberdineko ikasleak hartzen ditugula da, eta beraz, gela berean zenbait adinetako ikasleak daudela. Hori dela eta, harremanak oso aberatsak dira, eta elkarreragina eta kooperazioa era naturalean sustatzen dira.
Berezkoak dituen ezaugarri horiek zenbait abantaila ematen dituzte haurraren hezkuntzan eta garapenean. Batetik, gela berean hainbat adinetako haurrak izatea ikaste prozesurako aberastasun ikaragarria da.
Proiektu bidezko metodologia dugu gure ildo pedagogikoaren oinarri, elkarreraginean lan eginez eta testuinguruari egokituta. Lan erritmoa betiere haur bakoitzari egokituko zaio, eta irakaskuntza haurraren beharretara moldatuko da.