Larraul

PROIEKTU PEDAGOGIKOA

 

Antolaketa

 

“Gurea” ez da metodoa, gaur eta hemen, ikasleekin modu eraginkorrean aritzeko modua baizik. Etengabeko aldaketa eta hobekuntza dira gure oinarri, beraz, gaur egiten dugunak bihar aldaketak izan ditzake, egoerak eta hobetzeko grinak horretara eraman gaituelako.

Egungo antolaketa ikustean, Zizurkil (San Millan) eta Abaltzisketako (Txalburu) eskolen eredua datorkigu burura. Eta bai, noski, antzekotasunak baditu, ugari gainera. Baina egitasmo honek, eredu horiekiko ezberdintasunak ere baditu; izan ere, Larraulgo eskolak bide eta hausnarketa propioa egin du, erantzun egokiena emateko asmotan.

Proiektu bidezko irakaskuntza tailer moduko saioekin nahasten hasi ginen lehenbizi. Hala, arratsaldero, hainbat tailerretan nahasten genituen ikasle guztiak. Hauen motibazio eta lan giroan eragin nahi genuen, ikasleak ikerketara eta sormenera gehiago bideratu. Eta ikusi genuen egindako aldaketek eragin positiboa izan zutela ikasleengan.

Hurrengo ikasturtean, hainbat tailer goizetan ere antolatu genituen. Arloak “kendu” eta hainbat tailer berri sortu genituen: ikertu, bizi, eraiki, sortu, mugi… Orduko egoera eta errealitateak, adin nahasketa murriztera eraman gintuen, ikasleen beharrei eta eskola antolaketari hobekien erantzuteko modua zela ikusirik. Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan eragin eta, gurasoekin elkarlanean, bidea irudikatzeko urtea izan zen.

Eta bideak, egungo egoeraraino ekarri gaitu. Eta hala, orain, honako printzipio hauetan eragin nahi da:

  1. Irakasle eta ikasleen arteko kooperazioa eta interakzioan sakontzen jarraitzea.
  2. Geletako ateak zabaltzea eta ikastalde ezberdinen arteko interakzio eta kooperaziorako beharrak sortzea.
  3. Haurren adierazpideak eta lengoaiak bultzatuko dituen eskola bilatzea.
  4. Jarduerei behar duten denbora eskaintzea.

Larraulgo eskolaren errealitatea ikusirik, eta urte hauetan egindako hausnarketen bidetik, ezaugarri hauek ditu gure eskolak:

  • Tailerren antolaketa: ikasgelak tailer bihurtu dira. Ez dago ikasle mahairik, baina badago ikasleak lanean aritzeko lekurik. Ez dago arlorik, baina badago konpetentziak landu eta garatzeko gunerik. Liburutegia, Artea, Zientzia, Aroztegia. Horiexek gure eskolako gune eta tailerrak (aurrerago banan-bana zehaztasunez azalduko direnak).
  • Saio espezifikoak: tailerrez gain, badira berariazko saioak. Hau da, ikasleak tailerrean lanean ari diren zenbait momentu baliatzen dira, lan talde txikitan, zenbait eduki edo landu beharreko aspektuak garatzeko. Saio hauetan (normalean LHko ikasleak aritzen dira, nahiz aldizka txikiagoak ere aritu diren), adina baino, ikaslearen erritmo edo garapen prozesua kontuan hartu da, baita ikasle bakoitzak dituen beharrak ere. Hala, hauek dira antolatu diren berariazko saioak: gaztelania eta ingelesa, matematika problemak eta irakurketa-idazketa prozesua. Horiez gain, Haur Hezkuntzako ikasleek psikomotrizitate saioak izan dituzte, eta Lehen Hezkuntzako ikasleek Gorputz Hezkuntza eta Bertsolaritza. Azkenik, talde handian, eta astean behin, asanblada ere izan da elkarbizitza, genero berdintasuna edo bestelako arloak jorratzeko.
  • Adin Aniztasuna: tailerrak lanerako eremuak dira, eta beraz, adin ezberdinetako ikasleak lanean, ikerketan edo hausnarketan aritzeko guneak dira. Horregatik, material anitza dute eskura. Ikasle guztientzako tailerrak antolatu ditugu (eta horretan jarraitzen dugu), guztiak eroso senti daitezen, guztiek zer egina izan dezaten. Tailerrak konpetentziak garatzeko gune dira, ikaslearen adina eta maila dena delarik ere.
  • Zirkulazio librea: Larraulgo eskolaren errealitatea ikusirik, printzipio edo ezaugarri hau erlatiboa da, uneoro tailer guztiak zabalik egotea ezinezkoa baita. Baina ditugun aukera eta baliabide pertsonalak kontuan hartuta, batzuetan, ikasleek bi edo hiru tailerren artean aukeratzeko parada izan ohi dute.

Atalak