Larraul

SAIO ESPEZIFIKOAK

 

Saio hauek zenbait eduki edo eginbehar garatzeko diseinatu dira. Lan horiek, irakasle edo ikasleek sumatutako beharretatik diseinatu dira, eta egunean-egunean atera edo suertatu daitezkeen beste beharrei erantzuteko funtzioa ere badute. Ikasleak tailerretan lanean ari diren bitartean, ordutegian zehaztutako zenbait momentutan, ikasle batzuk irakasle batekin elkartu eta espresuki indartu nahi den gaia edo edukia landuko dute. Saio hauek ere, badituzte oinarrizkoak diren ezaugarri batzuk:

  • Taldekatze txikiak: eduki edo ariketa zehatzak lantzeko diseinatu direnez, beharrezkoa da taldekatzeak txikiak izatea. Hala, saio espezifiko hauetan, gehienez ere bosteko taldeak hartzen dira (lanaren arabera seikoteak ere egin izan dira).
  • Ikasleak daraman prozesuaren araberako taldekatzeak: ikasleak ez dira adinez, edo ikasketa mailaz elkartzen. Antolatutako saio bakoitzean daraman aprendizai erritmoa hartzen da kontutan (nahiz eta askotan adin tarte berdintsuko ikasleak elkartu). Beraz, ikasle bakoitzaren erritmoa eta behar duen denbora aintzat hartzen dira.
  • Saio motz eta intentsuak: tailerretan gustura eta ilusioz aritzen dira ikasleak, beraz, beharrezkoa da saio espezifikoak oso konkretuak eta pertsonalizatuak izatea. Beraz, era berean, ikusi edo diagnostikatu diren gabezi edo ahulguneek ondo definiturik egon behar dute, ondoren saio espezifikoetan horiek indartzeko.

 

Irakurketa-idazketa:

Haurra haurra denetik, etengabeko elkarrekintza dago idatzizko testuekin, eta beraz, baita irakurketa prozesuarekin ere. Saio hauen helburua da, ikaslea irakurketa-idazketaren zein prozesuetan dagonen behatu, eta ahalik eta aktibo gehien jartzea prozesu horren garapenean. Beraz, testuak irakasleok irakurtzetik nork berak irakurtzerainoko tarte zabala dago, baita idazketa prozesuaren faseak aztertu (psikogenesia) eta horiek garatzeko jarduerak proposatzeko tarte zabala ere. Idazketa estrategiak, arauak, testu generoak, hiztegia, ortografia… Guztiak izan dezake lekua saio hauetan.

Gaztelania:

Eskola eremu oso euskaldunean kokatzen da, eta egunerokoan, euskaraz bizi da ia eskola komunitate osoa. Horregatik, gaztelaniaren mintzamen eta ulermenari tartea eskaini zaio saio espezifikoetan. Tertuliak, irakurketa eta ondorengo eztabaidak, elkarrizketak… Gaztelaniazko ahozkotasuna izan da saio hau antolatzearen helburu. Baina, beharrak, idazketari ere tartea egitea ondorioztatu du.

Matematika problemak:

Matematika problemen ebazpenean trebatzea da asmoa, ulertzeko eta ebazteko estrategiak eskuratzea, problemak planteatzeko estrategiak izatea, saiakera-errorea binomioa indartzea, edo ebazteko emandako pausoak justifikatzea. Mailaren arabera, egoera manipulatibo hutsetatik, “ohiko” problema, edo problema tradizionalak, ebazterainoko tartea dago. Denetariko problemak planteatu ohi dira, zenbakikuntza eta eragiketekin zerikusia dutenak, geometriarekin, probabilitatearekin, magnitudeekin… 

 

Ingelesa:

Liburutegiko ohiko lanez gain, ingelesaren barne dauden zenbait eduki lantzeko saioak dira. Ahozkotasuna eta hiztegia ikasteko mailetatik gramatika lantzeko mailak izateraino. Saio hauen lanketa egokia izan dadin, ingeleseko gela ere sortu da sukaldean, hau da, cooking edo sukaldaritza ingelesez burutzen duten gela berean. Hala, hormak ere ingelesezko kontrol orriz beterik daude. 

 

Gorputz Hezkuntza eta Psikomotrizitatea:

Ohiko, edo orain arteko, sisteman burutzen ditugu saio hauek. Hau da, Haur Hezkuntzako ikasleek bi saio psikomotrizitate izaten dituzte horretarako espresuki prestatutako “salto gelan”. Lehen Hezkuntzako ikasleek, aldiz, Gorputz Hezkuntzako beste bi saio izaten dituzte.

 

Asanblada:

Astean behin eskola osoa biribilean bildu eta elkarrizketan aritzeko tartea da. Azken finean, tutoritza saioak dira, non gatazkak, haserreak, dudak edo errealitateko zenbait aspektu eztabaidatzeko baliatzen den. Eztabaida edo elkarrizketarako proposamenak ikasle zein irakasleen partetik etorri daitezke. Hala bada, asanbladan gai eta errealitate ezberdinak lantzen dira, non ikasleen parte-hartzeak berebiziko garrantzia duen.

 

Atalak