TAILERRAK
Zer dio hiztegi entziklopediko batek tailer hitzaren inguruan? Artista edo langile baten lantegia dela. Hala bada, gure ikasgelak lantegi bihurtu ditugu, ikasleen adierazpide eta lengoaiak bultzatuko eta indartuko dituen lantegi, ikasle edo artista bakoitzak dituen gaitasunak agerian jarri eta garatzeko gune. Eta ez diogu indarrean dagoen Hezkuntza legeari uko egiten. Are gehiago, gure eredua hezkuntza dekretuari lotzen zaio, eta bertan etengabe aipatzen den gaitasunen garapena du helburu.
Hara zer dioen metodologiaren atalean indarrean dagoen Hezkuntza legediak:
Konpetentzien araberako ikuspuntu hau ikasgeletara eramateak aldaketa metodologiko bat dakar, ezinbestez; izan ere, haren arabera jokatuz gero, zenbait gauza egin beharra dakarkigu: erregulartasunez zereginen arabera lan egitea, jakintzak mobilizatu beharreko baliabidetzat hartzea, ikaskuntza problemen edo proiektuen arabera antolatzea eta ebaluazioak egiteko modu berriei heltzea, besteak beste. Ezagutzak irakasteaz gain, ikasleei berengandik gertueneko testuinguruarekin lotutako zereginak proposatu behar zaizkie, neska-mutilek adierazpenezko edukiak, prozedurak eta jarrerak abian jar ditzaten. Konpetentzien araberako ikuspuntuak, gainera, irakasleen rol eta zereginak aldatzera ere behartzen gaitu, eta alde horretatik, ikasleak askoz aktiboago bihurtzen ditu. Horrek irakasleen lana bera ere aberastu egiten du, konpetentziak garatzea hartu behar izaten baitute oinarri, eta ezaguerak transmititzea eta buruz ikasaraztea. Hala, bada, ikasleei problemak ebazten, ezaguerak aplikatzen eta ekintzara bultzatzen lagunduko dizkieten zereginak nahiz egoerak diseinatzeko gai bihurtzen direnez gero, irakasleak bideratzaile, bitartekari edo bidelagun bilakatzen dira.
Eskolaren asmo nagusia informazioa eta jakintzak transmititzea ez dela kontuan izanda, eta oinarrizko konpetentzien garapenean eragiteko asmoz, ikaslea egoera errealetara bideratuko duten tailerrak antolatu dira.
Liburutegia kontsulta gela den heinean, zeharka bada ere, tailer guztiei dagokie, eta beraz, uneoro zabalik dagoen tailerra da hauxe. Ongi aukeratu edo sailkatutako liburuez hornitua, gune ezberdinez osatua dago: badira lanerako bi talde mahai, internet konexioa duten lau ordenagailu, eta beste lau ordenagailu (eramangarriak) konexiorik gabe, irakurketarako sofatxoa, grafia eta idazketa entrenatzeko txokoa, eta eskola materialez hornitutako apalategia (arkatzak, margoak, berrerabiltzeko folioak eta folio zuriak…)
Liburuak apaletan sailkaturik daude, eta badago proposamenen apalategia ere, non gomendagarriak izan daitezkeen liburuak ikasleen eskura jartzen diren.
Banaka zein taldean aritu daitezke liburutegian, baina isiltasuna oinarrizko baldintza da bertan aritu ahal izateko. Horregatik, askotan, ikasleak kontsulta edo behar duen informazioa eskuratu eta lanerako beste gune bat bilatzen du (eskola osoa baita lanerako gune), are gehiago taldekako lana bada. Isiltasuna garrantzitsua den heinean, ikasle bakoitzak ordenagailurako kaskoak ditu, ordenagailuan lanean ari den bitartean, eta lanak hala ahalbidetzen badio, musika ere entzun ahal izateko.
Sormen edo ikerketa lanak ekoizten dituzte liburutegian, eta irakaslea da norberak hautatzen duen proiektu edo lanean bidelagun. Ipuinak, olerkiak, teatro testuak, komikiak… sortzea dute gustuko, baina baita hainbat gairen inguruko ikerketa lanak burutzea ere (beti ere ikasleen interesetatik abiatuta): txirrindularitza, zakur arrazak, biziaren historia, igeriketa…
Noski, liburutegia irakurketaz gozatzeko gunea da. Horregatik, liburutegiko eskaintza anitza, aberatsa eta kalitatezkoa izatea nahi izan dugu. Hizkuntza ezberdinetako liburuak ditugu, baina batez ere euskaraz eta gaztelaniaz: ipuin ilustratuak, komikiak, olerki liburuak, gazte literatura, aldizkariak, zientzia liburuak…
Ikasleek osatzen dituzten lan edo proiektuek esangura izan behar dute eurentzako. Hau da, sormen edo ikerketa lana bada, zein formatutan aurkeztu (hala nahi badu) edo amaituko duen hautatu behar du, eskuz hala ordenagailuz idatziko duen, liburu formatuan argitaratuko duen, edo ppt formatuan aurkeztuko duen ikerketa lana ote den… Egin edo hartutako lanak balioa izan behar du.
Liburutegian aurkituko dugun esangurarik gabeko gune bakarra entrenamendu txokoa izango da. Behar baten ondorioz sortutako gunea izan da, non bertan, grafia lantzeko ariketak osatuko dituzten hala behar duten ikasleek (denbora oso urrian).
Eta nola ez, liburutegi batean ezin irakurketa eskaintzarik falta. Beraz, irakasle edo ikasle zaharrenek, irakurketa eskaintzak egiten dituzte talde handian, gozatu eta gozarazteko helburu bakarrarekin.
Aroztegia manipulazioan oinarritutako tailerra da. Egun, eskola sarreran daukagu kokaturik eta bi gune dituela esan daiteke, bi lan mahaitan antolaturik.
Lehen mahaia eraikuntza guneari dagokio, eta bertan aurki genitzake ohiko aroztegi batean bila dezagun tresneri edo materiala: zerra elektrikoa, atornilladore elektrikoa, taladroa, zerrak, mailuak, destornilladoreak, iltzeak, tirafondoak, metroak, erregelak, sargentak, eskuadrak, eskularruak, babes betaurrekoak… Material guztia ikasleen eskura dago, eta nahi edo behar dutenean erabili dezakete (arriskutsua izan daitekeen tresneria irakaslearen begiradapean edo laguntzarekin). Lan mahai honetan osatzen diren lanak etxera eramaten dituzte amaitu ostean. Emaitza baino garrantzitsuagoa da, ordea, horretara iristeko egindako bidea: proiektua hautatu, planifikatu, markatu, hobetu/zuzendu, hobekuntzak txertatu…
Bigarren mahaian ere egurra da nagusi, baina osatzen diren eraikuntzak berriro desegin eta bere lekuan gordetzen dira. Modu librean edo jarritako erronkak gainditu nahian aritzen dira ikasleak gune honetan.
Aroztegian matematika problemak dira nagusi, askotan neurriarekin lotutako arazo egoerak nagusitzen direlarik. Elkarrekintza eta elkarreragina egunerokoan ikus daiteke tailer honetan, eta lortutako emaitzak harrigarriak dira kasu gehienetan, prozesuaren egokitasuna ondorioztatzen dutenak.
Arte tailerra bi gune eta bi alorretan banaturik dago, arte plastikoa eta arte musikala, eta beraz, bi gune ezberdinetan burutzen da, lehena arte tailerrean eta bigarrena psikomotrizitate gelan.
Arte plastikorako tailerrean materialez jositako apalategiak dira nagusi: margoak, errotulagailuak, tenperak, berrerabiltzeko orriak, orri zuriak, kartulina pusketak eta kartulinak, collage ezberdinak egiteko materialak, kola, guraizeak, erregelak… Eserita lan egiteko taldekako mahaiak daude, baina baita zutik lan egin edo bertikalki lan egiteko gunea ere, hau da, zutik margotu/marraztu nahi duenarentzat arbela dago. Arte tailerrean badira hainbat artelan eredu horman itsatsiak.
Euskarri eta material ezberdinak erabiliz gainontzeko tailerrei lotzen zaio arte plastikoa; izan ere, aroztegi eta liburutegiko hainbat lanek segida dute arte tailerrean, bertan amaitzen dutelarik hasitako lana.
Arte musikalerako gunea psikomotrizitate gelan kokaturik dago, arte musikala eta mugimendua oso loturik baitaude. Bertan, musika aparatua, mikrofonoa, eta proiektorea aurkitzen dira. Instrumentu gutxi dago oraingoz: perkusiorako makilak, danborren bat edo beste… Txirulak eta armonikak dira ikasleek etxetik ekartzen dituztenak.
Zientzia da tailerrik ezberdinena; izan ere, oso eremu zabala da. Horregatik, eta zientzia tailer bat badagoen arren, era eta gunen ezberdinetan antolatua dago:
Zientzia lanak: banakako edo taldekako lanak egiteko tartea, eta beti ere, gai baten inguruan arituz (animaliak, landareak, gorputza, herria, geografia, unibertsoam osasuna...). Oro har, natura edo gizarte gaien inguruan aritzeko momentua. Ikerketa lanak dira nagusi.
Natur txokoa: eskolaren ondoan dagoen natur eremua. Ikertzeko, sentitzeko, jolasteko gunea da. Enborrak, harkaitzak, intsektu etxea, ur zirkuitoa, hondar-gunea…
Cooking: sukaldaritza tailerra ingelesez. Ingelesaren erabilera eta sukaldaritza bat eginik, errezetak osatu eta dastatzeko gunea. Sukaldean bada sua, labea eta fregadera.
Robotika: Lego WeDo materiala erabiliz, muntaketa eta programazioaren inguruko saioa, zientzia gelan aurrera eramaten dena. Ohiko legoa ere ikasleen eskura izaten da, batez ere, txikienek ere muntatzeko eta sortzeko aukera izan dezaten.
Irteera: hiru astez behin (gutxi gora behera) Larraul inguruan egiten den irteera da hau, gehienetan zientzia edukiekin lotura izaten dutenak. Irteera ondoren, koaderno erraldoian txertatzen da irteeran ikusi/ikasi edo landutakoa: “Larraul aztertzen, gozatzen”.
Matematika manipulatiboak: jolas eta egoera manipulatiboen bidez, matematika edukiak ulertu eta sakontzeko alorra da. Atal honetan, bost azpi-atal bereiztu daitezke:
- Zenbakiak eta eragiketak.
- Magnitudeak kalkulatzea.
- Geometria
- Grafikoak, zoria eta probabilitatea
- Logika