Larraul

LIBURUTEGIA

 

Liburutegia kontsulta gela den heinean, zeharka bada ere, tailer guztiei dagokie, eta beraz, uneoro zabalik dagoen tailerra da hauxe. Ongi aukeratu edo sailkatutako liburuez hornitua, gune ezberdinez osatua dago: badira lanerako bi talde mahai, internet konexioa duten lau ordenagailu, eta beste lau ordenagailu (eramangarriak) konexiorik gabe, irakurketarako sofatxoa, grafia eta idazketa entrenatzeko txokoa, eta eskola materialez hornitutako apalategia (arkatzak, margoak, berrerabiltzeko folioak eta folio zuriak…)

Liburuak apaletan sailkaturik daude, eta badago proposamenen apalategia ere, non gomendagarriak izan daitezkeen liburuak ikasleen eskura jartzen diren.

Banaka zein taldean aritu daitezke liburutegian, baina isiltasuna oinarrizko baldintza da bertan aritu ahal izateko. Horregatik, askotan, ikasleak kontsulta edo behar duen informazioa eskuratu eta lanerako beste gune bat bilatzen du (eskola osoa baita lanerako gune), are gehiago taldekako lana bada. Isiltasuna garrantzitsua den heinean, ikasle bakoitzak ordenagailurako kaskoak ditu, ordenagailuan lanean ari den bitartean, eta lanak hala ahalbidetzen badio, musika ere entzun ahal izateko.

Sormen edo ikerketa lanak ekoizten dituzte liburutegian, eta irakaslea da norberak hautatzen duen proiektu edo lanean bidelagun. Ipuinak, olerkiak, teatro testuak, komikiak… sortzea dute gustuko, baina baita hainbat gairen inguruko ikerketa lanak burutzea ere (beti ere ikasleen interesetatik abiatuta): txirrindularitza, zakur arrazak, biziaren historia, igeriketa…

Noski, liburutegia irakurketaz gozatzeko gunea da. Horregatik, liburutegiko eskaintza anitza, aberatsa eta kalitatezkoa izatea nahi izan dugu. Hizkuntza ezberdinetako liburuak ditugu, baina batez ere euskaraz eta gaztelaniaz: ipuin ilustratuak, komikiak, olerki liburuak, gazte literatura, aldizkariak, zientzia liburuak…

Ikasleek osatzen dituzten lan edo proiektuek esangura izan behar dute eurentzako. Hau da, sormen edo ikerketa lana bada, zein formatutan aurkeztu (hala nahi badu) edo amaituko duen hautatu behar du, eskuz hala ordenagailuz idatziko duen, liburu formatuan argitaratuko duen, edo ppt formatuan aurkeztuko duen ikerketa lana ote den… Egin edo hartutako lanak balioa izan behar du.

Liburutegian aurkituko dugun esangurarik gabeko gune bakarra entrenamendu txokoa izango da. Behar baten ondorioz sortutako gunea izan da, non bertan, grafia lantzeko ariketak osatuko dituzten hala behar duten ikasleek (denbora oso urrian).

Eta nola ez, liburutegi batean ezin irakurketa eskaintzarik falta. Beraz, irakasle edo ikasle zaharrenek, irakurketa eskaintzak egiten dituzte talde handian, gozatu eta gozarazteko helburu bakarrarekin.

Harpidetu nahi dut

Azken albisteak

2018 Urtarrila 10
2017 Abendua 01
2017 Azaroa 14

Atalak