Formakuntza

Garrantzi berezia hartzen du formazioak Eskola Txikietan. Eskola Txikia, gaur egun, adin aniztasuna bultzatzen duen tamaina txikiko eskola dela, landa eremu batean kokatua, eta 3 ezaugarri horiek tarteko lan on bat egiteko aukera ugari eta anitzak dituela diogu. Ba, ezinbestekoa bihurtu zaigu adin aniztasunaz, txikitasunaz eta landa eremuan kokatuta aritzeaz formazioa pentsatzea, diseinatzea eta aurrera eramatea. Geure arteko hausnarketan, proposamen ezberdinen ikerketan, esperientzien ezagutzan… oinarritutako formaziorako eta interakziorako saioak antolatzen ditugu, bai irakasleen arloan, baita gurasoen arloan ere. Lan horri esker, gure eguneroko errealitate eta ezaugarriei hobeto erantzuten ari garela ikusten dugu.  

Irakasleen formazioa

Mamia

Azken bi ikasturteetan saio bakarreko lan dinamikan zentratu ostean, ikasturte honetarako maisu maistren formazioari mintegi egitura ematea erabaki da. Eskola Txikien Plan Estrategikoaren lehen lan lerroak (L1) zehazten du, besteak beste, Eskola Txikietara datozen maisu maistra berriei eskaini beharreko formazioaren dinamikaren beharra. Orain arteko bideari jarraituz, ondokoa izango da lan dinamikaren mami nagusia:

  • Eskola Txikietara etortzen diren maisu maistra berriei Eskola Txikien ibilbideari buruzko oinarrizko ideiak azaltzea eta eskola hauetan hainbat arlo ulertu ahal izateko oinarrizko kontzeptuak azaltzea izango da helburu nagusia:
    • Horretarako beharrezkoa izango da adin aniztasunaz ulertzen duguna konkretatzea: Eskola Txikietan gai honekiko landu dugun ikuspegia aztertzea eta ikas prozesua ezaugarri honen baitan ulertzeak dituen ondorio praktikoak azaltzea.
    • Txikitasuna eta bere ezaugarri kualitatiboak ere landu beharko dira: Eskola Txikietan berezko dugun tamainaren eraginpean dauden ondorio zuzenak ulertzen laguntzea eta bultzatu nahi den ikuspegia lantzea.
    • Landa eremuan kokatuta egotearen garrantzia ere azpimarratu beharko da: ezaugarri honek izan ditzakeen inplikazio pedagogiko eta metodologikoak aztertzea eta ikas prozesuei laguntzeko dauden abantailak aprobetxatzeko estrategiak ematea.

Ikuspegi metodologikoaren ardatz nagusiak sakontzen laguntzea izango da mintegiko saioetan landuko den ardatz nagusia: ikasgelen antolaketa, curriculumaren diseinua, ikasleen arteko interakzioak, maisu maistren rola, ebaluazioa ...

 

Informazio gehiago

Mamia

2020-2021 ikasturtean ezinbestekoa dirudi eszenatoki birtual bat atonduta izatea. COVID-19aren ondorengo egoeran etxetik lanean jarduteko egoerara prestatuta egotera behartzen gaitu Eskola Txikiak. Horren helburuz, eta Eskola Txikien Plan Estrategikoaren 4. lan lerroari (L4) jarraituz, IKTak aztertu, landu eta horiei lotutako proposamen bat eratuko duen lan talde bat eratzea beharrezkoa ikusi da 2019-2020 ikasturtearen amaieran. Hauek izango dira, gutxi asko, taldearen helburuetako batzuk:

  • Eskola Txikietan IKTekiko izan dezakegun ikuspegia lantzea, proposamenak aztertzea eta eskolei prestatzea.
  • Ikasgune birtual bat lantzea eta erabilerarako gomendio eta irizpideak lantzea eta eskolekin partekatzea.
  • Baliabide digitalak sorteko estrategiak bateratzea eta horren beharra dutenei zuzeneko babesa eskaintzea.

 

Informazio gehiago

Mamia

2017-2018 ikasturteaz geroztik, urtero elkartu den lan talde bat da ebaluazio taldea. Momentu honetan, Eskola Txikien Plan Estrategikoaren 5. lan lerroan (L5) kokatzen da talde honen zereginaren ibilbidea.

Taldearen helburua Eskola Txikietako ebaluazio prozesuak hobetzea da, inklusiboagoak, eraginkorragoak eta ikas prozesuen ezagutza sakonean oinarrituak izatea bultzatu nahirik. Dagoeneko oinarrizko hainbat konpetentziaren ebaluazio irizpideak eta adierazleak definituta daude:

Oinarrizko diziplina baitako eta zeharkako konpetentzien irizpide eta adierazleak definitzen amaitzea da ikasturte honetako helburu nagusia, ondoren Eskola Txikien laguntza eta hobetzeko bide eta gomendioak eskaintzeko.

 

Informazio gehiago

Guraso Eskolak (2020-2021ekoak oraindik eguneratu gabe)