Koordinazioa

Izaera propioa dugu Gipuzkoako Eskola Txikietan eta azken ikasturteetan hartutako lan ildo nagusiekin sortu zaizkigun erronkei erantzuten jarraitu nahi dugu etorkizunean. Horretarako koordinatuta lanean aritzea ezinbesteko baldintza dugu.

Ildo desberdinak hartu ditugu urteen joanarekin, lan ildo bakoitzak interes, behar eta erronka ezberdinei eusten dion arren, guztiek eskolen arteko hartu emana bizirik mantentzea eta indartzea dute helburu. Eskola Txikietan betidanik eman izan zaio garrantzi berezia interakzioari eta elkarlanari, ba, berez eskolen barruan ematen den horri beste interakzio eta elkarlan baten indarra gehitu nahi diogu koordinazio honi esker, eskolen arteko interakzioa eta elkarlana, hain zuzen ere.  

Koordinazioaren xede nagusia, beraz, Eskola Txikien mugimendua indartzea da, Eskola Txikiak bizirik egotetik, bizirik eta bizitzaz beterik egotera pasatzea, hain zuzen ere. Horretarako, oraingo egoerari buruzko hausnarketa sakona bultzatuko dugu, azken ikasturteetan egindako ibilbidearen ebaluaziotik ateratako ondorioei irtenbideak ematen saiatuko gara, antolaketa sendotzea eta bide berriak jorratzea ezinbestekoa izango delarik. Izan ere, urte asko dira elkarrekin lanean ari garela eta denbora horretan aldaketa handiak gertatu dira: eskoletan, herrietan, irakasleria, ikasleak, gurasoak, eskolari eskatzen zaiona … Nor garen eta nolakoak izan nahi dugun erantzun beharko dugu guztion adostasuna lortuz.